jueves, 27 de noviembre de 2008

Hezkuntza sistemari buruzko legedien arteko konparaketa

Jarduera honetan, Espainiar estatuko historian egon diren  hezkuntza sistemen legedien arteko konparaketa burutu dugu: LGE, LOGSE, LOCE eta LOE-ren artekoa. Taula batean elkartu ditugu legedi bakoitzari buruzko datu guztiak, hala nola, testuinguru soziala, helburuak, kurtsoen banaketa, erlijioa, etab. 

Egin genuen lehen gauza informazioa interneten bilatzea izan zen, garrantzitsua baita legedi bakoitza plazaratu zen garaiko testuingurua kontuan hartzea. Lau taldekide garenez eta lau legedi aztertu behar genituenez, bakoitza legedi batez arduratu zen. Ideia nagusiak jaso ondoren, elkarren artean komentatu genituen eta taula bat osatzen hasi ginen. Egun berean amaitzeko denborarik izan ez genuenez, hurrengo klase egunean bukatu genuen. Interneten bildutako informazioaz gain, irakasleak banatutako orrietan datorren kurtsoen banaketari buruzko informazioa ere erabili genuen. Gainera, LGE-en unibertsitatera sartzeko zein azterketa  gainditu behar zen jakiteko taldekide baten amari deitu genion. Izan ere, legedi hori indarrean zegoen garaian sartu baitzen unibertsitatera.

Jarduera hau burtzeko ez dugu arazorik eduki, alderantziz, taldearen antolaketa onak lana erraztu digu eta denboraz ere ondo ibili gara. Ez hori bakarrik, gure helburuetako bat taula zehatz eta argi bat egitea zen. Gure ustetan helburua lortu dugu. 

Ondorio bezala esan dezakegu jarduera honen edukiak ulertu eta ikasi ditugula. Horretarako denboraz ondo ibiltzea eta talde antolaketa ona izatea izan direlarik aspektu azpimarragarrienak.

jueves, 13 de noviembre de 2008

Power Polita

View SlideShare presentation or Upload your own.



Arratsaldeon denoi!

Bigarren jarduerari buruzko hausnarketa azalduko dizuegu ondorengo lerroetan.

Manuel Area Moreiraren teknologia berriei buruzko artikulua irakurri dugu taldekide bakoitzak bere etxean. Lehengo asteartean eta gaur (osteguna) artikulu hori laburtzen duen power pointa egin dugu.

Bai power pointa eta baita hausnarketa hau egiteko ere, lau klase ordu erabili ditugu. Lehendabizi eskema bat egin dugu diapositiba bakoitzean azaldu nahi genuenarekin. Eskema horren arabera hiru argazki moldatu ditugu aurkezpenean jartzeko. Lan hau bakoitzak testutik azpimarratutako ideiak aukeratuz eta batuz osatu dugu. Hasieran zirriborro moduan egin dugu power pointa eta behin testua osatu dugunean, itxura eman diogu lanari. Horretarako hondoa aldatu dugu kolore difuminatu baten laguntzaz. Gero letra mota eta hauen kolorea ere aldatu ditugu.

Asteartean ez genuen denborarik izan lana amaitzeko. Klasetik kanpo geratzeko arazoak ditugunez, gaur (osteguna) ikasgelan geratzea erabaki dugu greba eguna izan arren.

Hori horrela izanik, lauron artean blogerako testu hau osatzen ari gara.

Hurrenarte!¡!

jueves, 30 de octubre de 2008

1. jardueraren hausnarketa: Jarduera baten planifikazioa

Lau jarduera ezberdinen planifikazioa egin genuen, horietako bakoitza taldeko kideek ikasitakoari buruzkoa: Past Simple ( Itzulpengintza), marrazketa artistikoa (Arte Ederrak), landare eta animali zelulak (Biokimika) eta mitosia eta meiosiari buruzkoak (Biokimika).
Plangintza honetan, besteak beste, jarduera bakoitzaren helburu didaktikoak, metodologia eta edukiak landu ditugu.

Jarduera hau burutzeko lehenik bakoitzak "Kurrikuluaren planifikazio didaktikoa" izeneko testua irakurri zuen bere kabuz. Behin jarduera egiten hasi ginenean testuari buruzko zalantzak taldean argitu genituen.
Taldekide batek, Aloñak, bere planifikazioa aldez aurretik egin zuen. Taldean bere lana aztertu ondoren, egokia iruditu zitzaigunez, eredu moduan erabili genuen gainontzekoak egiteko. Taldekide bakoitzak gai bat aukeratu ondoren, atal bakoitzean idatziko genuena denen artean adostuz joan ginen; horrela, gai guztien planifikazioa batera eginez.
Bukatzeko denborarik izan ez genuenez eta klase ordutatik kanpo elkartzeko arazoak ditugunez, bakoitzaren jarduera etxean amaitzea erabaki genuen. Beraz, lanaren zati nagusiena klasean burutu arren, etxean bukatu dugu.
Jarduera burutzeko behar izan dugun denborari dagokionez, hiru ordu ingurukoa izan da (testua irakurri eta taula bete).
Taldekide bakoitzak besteei lan indibiduala internet bidez bidali diegu, horrela, guztiok izango dugu lan osoa. Bestalde, ikasturte amaieran jarduera guztiak biltzen dituen txostena entregatu behar dugunez, jarduera bakoitzeko lan guztiak batuko dituen arduradun desberdin bat egotea erabaki dugu.

Ez dugu bestelako arazorik izan.



Aurkezpena

Iepa! 

Bi egiatar, zumaiar eta irurar bat elkartu gara hezkuntza antolakuntza eta teknologia berrien ikasgaian. Ibilbide desberdinetatik gatoz eta IGZ ikastaro honetan egin dugu topo.
  • Aloña Barandarain Zaldua Arte Ederretan lizentziatu berria da, 22 urte ditu eta Irurakoa da. 
  • Eva Joyce Corresek Itzulpengintza ikasi du Bartzelonan, 23 urte ditu eta donostiarra da.
  • Lorea Zabaleta Lopez eta Eider Aizpurua Alkezarrek berriz, Biokimika ikasketak burutu dituzte, 23 urtekoak biak, Lorea zumaiarra da eta Eider donostiarra.
Blog honetan ikasgai honetan burutuko ditugun jarduerak islatuko ditugu. Zuen gustokoak izango direlakoan zuen komentarioen zain gelditzen gara.